XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alegia, output-eskalaren ondorioz, enpresarioak ekipamenduaren jabetzatik normala baino irabazi txikiagoa lortzen ari zirela; eta aurrezkiak inbertsioaren gainetik duen soberakin gehikuntzari zegokionez, horrek irabazi efektiboak murrizten ari zirela esan nahi zuen, eta beraz, enpresarioek beren outputa murrizteko arrazoirik izango zutela.

Oraingo ikuspuntuaren arabera, enpresarioek enplegu-bolumena (eta beraz, output eta benetako sarreraren maila) beren oraingo eta etorkizuneko irabaziak ahal den handienak izatea bultzatuta finkatzen dute (erabil-kostuaren zenbatespena, berak sarrera maximoa lortuko duela uste duen ekipamendu-erabileraren araberakoa izanik); eta irabazi maximoak emango dituen enplegu-bolumena, hainbat hipotesiren arabera kontsumo eta inbertsioaren emaitzak, hurrenez hurren, elkarri gehituta aurreikuspenek ematen duten eskari osoaren araberakoa izango da.

Treatise on Money liburuan egin nuen definizioaren arabera, inbertsioak aurrezkiaren gainetik duen soberakinari dagokion ganbio kontzeptua, irabazien aldaerak aztertzeko modua izan zen, baina liburu hartan, ordea, ez nituen argi bereizi aurreikusitako emaitzak eta lortutako emaitzak.

Orduko hartan adierazi nuenez, inbertsioak aurrezkiaren gainetik zuen soberakina zen output-bolumeneko aldaeretako indar eragilea. Beraz, argudio berria (nire ustetan) askoz zehatz eta argigarriagoa bada ere, funtsean, aurrekoaren garapena da.

Treatise on Money idazlanean erabilitako hizkeran, honela adieraziko genuke: enplegu-bolumen eta output jakin batekin, inbertsioak aurrezkiaren gainetik duen soberakina gehitzeko aurreikuspenak enpresarioak enplegu-bolumena eta outputa handiagotzera bultzatuko ditu.

Nire oraingo nahiz lehengo arrazoiketaren garrantzia honetan datza: alegia, enplegu-bolumena enpresarioek egindako eskari efektiboen azterketek finkatzen dutela, eta eskari horretan gehikuntzarik egoteko baldintza, inbertsioak aurrezkiaren gainetik nolabaiteko gehikuntzarik izango duenaren aurreikuspena egotea izango da, beti ere termino hauek Treatise on Money lanean duten adieretan ulertuta.

Dena den, oraingo lan honetan adierazi diren bilakaera guztiak direla eta, Treatise on Money liburuko azalpena nahasgarria eta zehazgabea geratzen zaigu.

D.H. Robertson jaunak oraingo sarrera eta atzoko kontsumo eta inbertsioaren arteko batura berdinak direla definitu du.